Kritika. Antzerkia
Super botereak
Agus Perez
Metrokoadrokako kideak Zertarako hegoak antzezten. / JON URBE / ARGAZKI PRESS
‘Zertarako hegoak’
Aktoreak: Ainhoa Alberdi, Amaia Corral, Iraia Elias, Iñigo Ortega, Joseba Roldan. Testua: Oier Guillan eta aktore taldea. Jantziak: Idoia Beratarbide, Maria de Bernardo. Argiak: Ander Fernandez, Jabi Barandiaran. Musika: Ander Fernandez. Lekua: Errenteriako Niessen aretoa. Eguna: Martxoak 12.
Taula gaineko aktore taldeko kide batek leihoa zabal-zabal ireki du,
goizeko aire freskoa eta munduaren berri jasotzeko gogoz. Baina leihoa
zirudiena egunkariaren orriak izan dira, eta leiho horretatik jakin du
gizaki guztiok dauzkagula super botereak, zertarako balio ote duten oso
argi ez dugun arren. Abiapuntu horretatik hasi dira Metrokoadroka
kolektiboko partaideek eraikitzen Zertarako hegoak antzezlana.
Banaka hartuta, ordea, norberaren ezaugarri bereziek ez dute balio
handirik bizi garen mundu malapartatu honetan behintzat eta, horren
kontura, taula gaineko bost aktoreak etengabe mugitu dira nitasunaren
eta gutasunaren kontzeptuaren artean, plano kolektibo horretan hartzen
dutelako berezko indarra norbanakoen ahalmen miresgarriek.
Jakina denez, BERRIAren hamargarren urtemuga ospatzeko sortua da Zertarako hegoak
antzezlana, eta sortzaileen jite kolektiboa ezin hobeto egokitu zaio
komunitate indartsu baten parte izatearen ideiari. Bide horretatik,
dramaturgiaren arloan garrantzi bera hartu dute norbanakoen nortasun
aberatsek eta talde osoak eraikitako irudi kementsuek. Gainera, nik uste
dut ez dela kasualitatea izan taula gainean bost kide izatea, eskuko
bost atzamarren irudia elkarlanaren eta ekintza eraikitzailearen
paradigma delako. Eremu eszeniko zeharo hutsa ere esanguratsua izan da,
ezin hobeto irudikatu baititu zero absolututik abiarazten diren prozesu
emankorrak.
Egiatan, baina, ez dira zero absolututik abiarazten, oinarrian
dituztelako norbanakoen super botereak eta elkarrekin jarduteko
borondate hautsezina. Hasierako hustasun hori bihotzez bete dute bost
antzezleek, argiztapen apal baina samurrean bilduta eta jantzi txiroen
diseinu koloretsuak lagunduta. Bestalde, prozesu horretan funtsezkoak
izan dira pertsonaia guztien barne indarra, jarrera txiki bakoitzari
emandako esangura, bizitza arrunteko hotsekin eta keinuekin eratu diren
dekoratu ikusezinak, eta heroi arrunten omenez sortutako himnoak.
Horrekin guztiarekin eta kolektiboko partaideen sormen paregabearekin
jaio da euskal dramaturgiaren izar berri hau: ikusle arruntak sano
gozatuko du emanaldiarekin, eta ikusle prestuak plazer handiz jasoko
ditu ohiko antzerkiaren eremuan gutxitan aurkituko zituen bertuteak.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina